Sorrera
XX. mendearen erdialdean, Jose M. Arizmendiarrieta apaiz gazteak lehen kooperatiben sorrera bultzatu zuen eta, geroago, kooperatibok Mondragon taldea eratu zuten. Hortxe du jatorria Caja Laboralak. Entitatearen helburuari dagokionez, industria-alorreko kooperatibei “zerbitzu sozialak, ekonomikoak eta enpresarialak” eskaini nahi zien. Baliabideak kooperatibistengandik eskuratu eta beraien beharretara bideratu nahi zituen. Gainera, Gizarte Segurantzaren eta Aurreikuspenaren estaldurak antolatzeko, Hornidura Zerbitzua jarri zen abian. Gaur egungo Lagun-Aroren oinarriak finkatu ziren horrela.
Lehenengo bulegoa 1960ko otsailaren 1ean zabaldu zuen, Arrasateko Ferrerías kalean. Geroago, beste bulego batzuk ireki zituen Aretxabaletan, Soraluzen, Oñatin… Kooperatibak sortzen ziren lekuetan gauzatu zuen hedapen geografikoa.
1962. urtean Audit 413 kontabilitate-makina eskuratu zuen, eskuz hartutako oharretatik mekanizaziorako urratsa emateko. 1964an, Markinako bulegoa zabaldu zuen. Zuzendaria emakumea zen, Maite Garcia, garai hartan guztiz ezohikoa. Caja Laborala gainegiturazko entitatea izaten hasi zen, eta Taldearen koordinazio enpresarialaren, finantzarioaren, industrialaren eta sozialaren ardura hartu zuen bere gain. 1966an, lehen bulego mugikorra jarri zuen abian, herri txikietara eta baserri-auzoetara joaten zen “minibus” baten bidez.
1965eko urriaren 2an, Bizkaiko nekazaritza-kooperatibetako hainbat ordezkariz osatutako taldeak biltzarra egin zuen, Salón de Artesanía Española izenekoan, Bilboko Rodríguez Arias kaleko 21. zenbakian.
1966ko urriaren 1ean, entitateak publikoari zabaldu zizkion ateak, lehen aldiz, Bilbo erdialdeko Urkixo Zumarkaleko 8. zenbakian.
Beyenak, Utecok eta Baserritarren Kutxak partekatutako zuzendaritza nagusia sortu zuten, eta halaxe jaio zen Bizkaiko nekazaritzako kooperatiben zuzendaritza bakar desiratua. Bulego berriak irekitzen hasi ziren.