logo-up logo-up-mobile
Sarrera online banka

Egutegi hau egitea erabaki genuenean, jasangarritasunaz hitz egin nahi genuen. Zer esan nahi duen horrek benetan, eta nola jarduten duen LABORAL Kutxak, egunez egun, banku jasangarria izateko.

Baina, hori nola egin modu erraz eta bisualean? Horrelaxe sortu zen proiektu artistiko hau: 12 ilustratzaile ospetsu aritu dira gurekin elkarlanean, Nazio Batuen 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuen gaineko ikuspuntu artistiko eta pertsonala emanez.

Hauek dira, besteak beste, egutegiko gaiak, gure egunerokoa gidatzen dutenak: aberastasunaren banaketa, planetaren eta ingurunearen babesa, justizia, hezkuntza eta berdintasuna.

Izan ere, guztiontzako garapena, aurrerabidea eta etorkizun jasangarria bultzatu nahi dituen banka kooperatiboa gara.

+
Abendua

Osasuna eta ongizatea.

Elena Ciordia

Ibilaldi bat itsasertzean. Une ezin hobea aire zabalaz gozatzeko, solasean, barrez eta txakurrarekin jolasean aritzeko, haren begiradaz parte hartzera gonbidatzen baikaitu. Hiru emakume-belaunaldi hauek elkarri laguntzen diote, bizitza osasungarriaren balioak partekatzen dituzte eta elkarri transmititzen dizkiote”.

Elena Ciordia (Ortuella, 1964). Arte Ederretan lizentziaduna, margolaria eta ilustratzailea da, eta akuarela jorratzen du gehienbat. Emakumeak protagonista dituen mundura eramaten dute haren diseinuek.

Erakusketa ugari egin ditu, bakarrik zein taldean, galeria eta museoetan, eta, horrez gain, hainbat liburu irudiztatu ditu bere akuarelekin. Horien artean, Baginen da aipatzekoa, Euskal Herriaren historia emakumeen bidez aurkezten duena. Cira Crespo historialaria arduratu zen testuak idazteaz. Guggenheim Bilbao Experience eta 30 emakume ahaztezin liburuetan ere hartu du parte, azken horretan Emakunderentzat.

Posta eta Telegrafo Museoarentzat, Bilboko Ospitalearentzat eta beste erakunde batzuentzat ere egin ditu lanak.
Bizitza osasungarria bermatzea eta ongizatea adin guztietan sustatzea funtsezkoa da gizartearen garapen jasangarrirako. Garrantzi handikoa da gure osasuna eta ingurukoena sustatu eta babestea, eskola, klub, talde eta erakundeen bidez, batez ere zaurgarrienen artean: emakume eta haurren artean.

Pandemiak gogora ekarri digu zein baliotsuak diren osasuna eta ongizate fisiko eta emozional egokia. LABORAL Kutxan ohitura osasungarriak sustatzen ditugu, bai dozenaka kirol-jarduera babestuz, bai gure plantillan bizimodu osasuntsu integrala sustatuz (elikadurari, ariketa fisikoari eta zaintza emozionalari dagokienez), Zainduz osasun-programaren bidez.
+
Urtarrila

Mugikortasun jasangarria.

Mikel Casal
+
Urtarrila

Mugikortasun jasangarria.

Mikel Casal

Denok espazioan ‘autobus’ honetan bidaiatuz ilustratu nahi izan dut mundua. Garraio publiko jasangarria da autobus hori, eta, kutsatu beharrean, naturako elementuak botatzen ditu. Ikuspegi baikorra eta alaia da, mugitzean gure seme-alabentzat arrasto garbia eta lurrarentzako etorkizun bat uztera gonbidatzen gaituena”.

Mikel Casal (Donostia, 1965) Eskarmentu handia du ilustratzaile gisa, eta Espainiako eta nazioarteko argitaletxe eta hedabide ospetsuetan argitaratu du bere lana.

Haren marrazkiak World Press Cartoon katalogoan daude. Eta PICNIC International Contemporary Ilustration Book delakoan dauden mundu osoko 100 artistetako bat da.

Zinemarako animazio-proiektuetan hartu du parte, hala nola Karramarroaren uhartea filmean; 2001ean animazio-filmik onenaren Goya saria jaso zuen. 2016an Ilustrazioko Euskadi saria irabazi zuen.
Gure herri eta hirietan, garraioa da berotegi-efektuko gasen iturri nagusietakoa. Beharrezkoa da garraio-sistemak publikoak eta partekatuak izatea, eta pertsona guztientzat irisgarriak eta jasangarriak, klima-aldaketari aurre egiteko eta gizartearen eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren komunitateak lortzeko.

LABORAL Kutxan, mugitzeko modua aldatzen lagundu nahi dugu, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuetarako trantsizioan lagunduz. Eta, ildo horretan, kutsatzen ez duten ibilgailu elektrikoen erabilera sustatu eta finantzatu nahi dugu.
+
Otsaila

Gizarte justu, bakezale eta inklusiboak.

Ainhoa Garcia Izagirre
+
Otsaila

Gizarte justu, bakezale eta inklusiboak.

Ainhoa Garcia Izagirre

Irudi honetan, herritarrek gizarte-justizian duten interakzioa jarri nahi izan dut agerian. Gizarte osoa ordezkatzen duten pertsonak marraztu ditut, askotarikoak eta hainbat belaunalditakoak. Balantzaren —hau da, justiziaren ikurraren— pisu naturala aldatzen ari diren pertsonak, borroka sozialaren bidez berdintasunaren alde egiten ari direnak”.

Ainhoa Garcia Izagirre (Donostia, 1992). Arte-zuzendaria, diseinatzailea eta animatzaile digitala. Ainhoa Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen Mondragon Unibertsitatean.

Ibilbide profesionalean, Euskadiko publizitate-agentziarik eta diseinu-estudiorik garrantzitsuenetako batzuetan egin du lan. Gainera, Latinoamerikako merkatuan ere egin du sartu-irten txiki bat.

Bere lanaz gain, proiektu pertsonalak garatzen ditu sare sozialetan, eta askotariko elkarte eta erakundeetan kolaboratzen du.
Bidegabekeria sozial eta ekonomikoei aurre egiteko, erakunde eraginkorrak, arduratsuak eta integratzaileak sustatu beharra dago. Pertsona erdigunean jartzen duten erakundeak. Beren bizitzari eragiten dioten erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzea sustatzen dutenak. Pertsona guztientzat inguruko baldintzak hobetu nahi dituztenak.

LABORAL Kutxan lankidetzaren indarrean sinesten dugu, erronka horiei aurre egiteko. Ziur gaude elkarrekin lan eginez, hitz eginez eta adostasuna bilatuz lortzen dela arazoei zuzentasunez eta sendotasunez aurre egitea. Lankidetza-balio horiek sustatzen laguntzen duen kreditu-kooperatiba bat gara, eta, horretarako, finantzaketaz, inbertsioaz eta irabazien banaketaz baliatzen gara.
+
Martxoa

Genero-arrakala txikitzea.

Naranjalidad
+
Martxoa

Genero-arrakala txikitzea.

Naranjalidad

Martxoaren 8a genero-arrakala murriztea aldarrikatzeko eguna da. Nire ilustrazioak emakume gazte bat irudikatzen du, eskuetan loreak dituela. Lore politak dira, baina garretan daude. Emakumeekin lotutako elementu klasikoa dira loreak; baina, irudian, suaren indarrak eta basatasunak inguratuta daude; alegia, aldarrikapenarekin daude lotuta”.

Beatriz Ramo (Alacant, 1989). Arkitektoa eta ilustratzailea da eta 140.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Instagramen. Estatuko artista grafiko gazterik nabarmenenetako bat da, eta estilo guztiz berezia eta berea du.

Emakume koloretsuen ilustrazioengatik eta haietan erabiltzen dituen ukitu surrealistengatik da ospetsua. Haren lanak ukitu bohemioak ditu, eta liluramendua eta lasaitasuna transmititzen ditu.

Erakunde publikoentzat, nazioarteko markentzat eta agentzientzat egin du lan. Hainbat liburu ilustratu eta argitaratu ditu, eta duela gutxi Call of Duty bideo-jokoan kolaboratu du.
Genero-berdintasuna funtsezko oinarria da mundu baketsua eta oparoa eraikiko badugu. Eta gure gizartean genero-arrakala txikitzen ari bada ere, urrun gaude parekotasunaren idealetik oraindik ere. Parekotasuna lortzea bultzada eta eredu izango da belaunaldi berrientzat. Eta aberastasuna eta aniztasuna ekarriko ditu gizarteko esparru guztietara.

LABORAL Kutxan, 25 urte baino gehiago daramatzagu berdintasun-planak lantzen, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak murrizteko askotariko ekimenekin. Izan ere, gure ustez, bidezkoa izateaz gain, indartsuagoak eta hobeak egiten gaitu kooperatiba gisa. Martxoa hilabete ona da oraindik bide luzea dagoela gogorarazteko.
+
Apirila

Jasangarritasunerako eta denon garapenerako berrikuntza.

Patricia Martín
+
Apirila

Jasangarritasunerako eta denon garapenerako berrikuntza.

Patricia Martín

Aurrerapen teknologikoz inguratuta gaude, eta ez dugu pentsatzen jasangarriak diren ala ez. Hori dela eta, mugikor honekin erakutsi nahi izan dut alderdi teknologiko eta digital hori. Mugikor horretatik natura irteten da pizten denean, eta ingurumena eta ingurunea errespetatzen dituen teknologia irudikatzen du”.

Patricia Martín (Valladolid, 1985). Ilustratzaile eta errotulatzailea, hainbat Harvey saritarako izendatua. Argitaletxeen munduan hasi zuen bere ibilbidea, eta Netflixek animazio-serie bihurtu duen Hilda saga diseinatzen eta errotulatzen egin du lan.

Estatu Batuetako komikiaren industrian aritu da, hainbat proiektutan, hala nola Wonder Woman komikian. Eta, gainera, hitzaldiak eman ditu New York Comic Con konbentzioan.
Gizarte oparo eta jasangarriak lortzeko eta ekonomia- eta ingurumen-erronkei irtenbideak aurkitzeko, funtsezkoak dira aurrerapen teknologikoak, ikerketa eta berrikuntza.

Guztiontzako azpiegitura jasangarriak eta kalitatezkoak lortzea da asmoa, jasangarritasun-irizpideen araberako industria bat bultzatzea —teknologia eta industria-prozesu garbi eta ingurumenarekiko arrazoizkoak baliatuko dituena—, eta teknologia, berrikuntza eta ikerketa zentzu horretan sustatzea.
+
Maiatza

Lan duina eta hazkunde ekonomikoa.

Iñaki Pardos
+
Maiatza

Lan duina eta hazkunde ekonomikoa.

Iñaki Pardos

Batera eta harmonian mugitzen den gizarte bat erakutsi nahi izan dut. Pertsona bakoitzari bere lekua ematen diona, eta osotasunaren parte sentiarazten diona. Denei aukerak ematen dizkiena, inor atzera utzi gabe”.

Iñaki Pardos (Iruñea, 1964). Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolatik igaro eta 25 bat urtez publizitatean lan egin ondoren, Iñakik betiko zaletasuna berreskuratu eta lanbide bihurtu zuen: pintura.

Gai urbanoa oso garrantzitsua da haren obran. Hark egindako margolanak arkitektura-zirriborroen antzekoak dira askotan. Akuarela, akrilikoa, tinta eta collagea nahasten dituzte, eta haietan kaleak, plazak, eraikin ikonikoak eta hirietako txokoak ikus daitezke, besteak beste. Arkitekturarekin lotura handia duten lan horiez gain, linbo handietan dauden giza taldeen zirriborroak ere egiten ditu.
Langabezia, lan-prekarietatea, soldata-arrakala, ordaindu gabeko lana, lehen lana eskuratzeko zailtasuna eta abar mundu osoko arazoak dira.

Sortu zenetik, hazkunde ekonomiko iraunkor, inklusibo eta jasangarria eta lan duina sustatzea da LABORAL Kutxaren helburuetako bat. 60tik gora urte horietan, aberastasuna sortzen laguntzea izan da kreditu-kooperatibaren helburu nagusia, eta gizartearentzat inguruaren aurrerapena bultzatzea, modu zuzen eta bidezkoan.
+
Ekaina

Lehorreko ekosistemetako bizitza.

Natalia Ros
+
Ekaina

Lehorreko ekosistemetako bizitza.

Natalia Ros

Zergatik errinozeroa? Nire ustez, errinozeroak animalia indartsuak dira, ia mitologikoak, eta oreka ezin hobean partekatzen dute beren habitata beste espezie, landare eta animalia batzuekin. Haiek babestea haien ekosistema babestea ere bada”.

Natalia Ros (Gazteiz, 1989). % 100 eskuzkoa den estanpazioan espezializatutako ilustratzailea. Arte Ederretan lizentziaduna da, eta kalkografian, letteringean eta grabatuko beste teknika grafiko batzuetan trebatu da.

Apurka-apurka, lan-prozesuak sinplifikatuz joan da, eta grabatu-teknika pertsonala lortu du, azpiegitura gutxiagorekin eta eskuak bakarrik erabiliz. Jasangarritasunaren erabateko defendatzailea izanik, ur-tintak, eguzkitan lehortutako paper ekologikoak eta abar erabiltzen ditu. Natura du inspirazio-iturri, eta hura zentzu guztietan omentzea da haren lanaren helburu nagusia.
Lehorreko ekosistemak arriskuan daude. Gero eta desoreka handiagoa dago, eta, gaur egun, inoiz baino gehiago, pertsonaren eta naturaren arteko harremana berrezarri beharra dago.

LABORAL Kutxan, konpromisoa hartu dugu jaso dugun eta datozen belaunaldiei utziko diegun ondarearekin. Denon ingurumen-ondarea zaintzeko ardura ere hartzen du ondare horrek. Hori dela eta, ingurumen-ziurtagiria lortu zuen lehen finantza-erakundea izan ginen.
+
Uztaila

Ingurumen-inpaktua.

Higinia Garay
+
Uztaila

Ingurumen-inpaktua.

Higinia Garay

Ikuspuntu positibotik heldu diot irudiari. Ama Lurra irudikatzen duen emakume batek planeta erreskatatzen du, lore delikatu bat balitz bezala, eta argirantz eramaten du, bizirik iraun dezan”.

Higinia Garay (Bilbo, 1978). Arte Ederretan lizentziaduna da, eta Argitalpenen Diseinuari buruzko graduondoa egin zuen. Ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko dihardu 2002az geroztik, eta, 2013an, bere estudioa zabaldu zuen. Gainera, irakaskuntzan aritzen da, eta tailerrak ematen ditu.

Bere ibilbide eta sentsibilitate artistikoaren ondorioz, garrantzi sozial handiko gaietan espezializatu da, hala nola kulturan, genero-desberdintasunean eta giza eskubideen urraketan. Hainbat administrazio eta elkarterekin lankidetzan aritzen da, emakumea irudikatzeko beste modu bat agerian jartzeko.
Gizakiaren jarduera ondorio larriak eragiten ari da kliman eta biodibertsitatean. Pertsonarik zaurgarrienak izango dira krisi klimatikoaren ondorioak gehien jasango dituztenak.

LABORAL Kutxan jasangarritasun-estrategia bat garatu dugu, gure zuzeneko eraginak murrizteko eta, egungo eredu ekonomikoaren ordez, sozialagoa eta ingurumenarekiko jasangarriagoa den eredu baterantz egiten laguntzeko.
+
Abuztua

Itsasoak eta ozeanoak babestea.

Patricia Nagashiro
+
Abuztua

Itsasoak eta ozeanoak babestea.

Patricia Nagashiro

Estilo zientifiko errealistarekin, espezieen collage batek gure inguruko eta planeta osoko itsas biodibertsitatea irudikatzen du. Eta, erdian, uretan murgiltzen den emakumea dago, gutako bakoitza inguruan dugun biodibertsitatearen babesle gisa irudikatzen duena”.

Patricia Nagashiro (Bolivia, 1972). Boliviako Amazonian jaio zen. Horrexegatik, natura da haren lan guztien inspirazioa.

Diseinu grafikoan, ipuinen narrazioan, haurren ilustrazioan eta ilustrazio zientifikoan dago espezializatuta. Zientziaren esparruan eta argitaletxeetarako dihardu bereziki, ilustratzaile gisa. Eta akuarela da menderatzen dituen tekniketako bat.

Publizitatean, argitalpenetan, infografietan, zientzia-aldizkarietan, talde-erakusketetan eta abarretan argitaratu dira haren lanak. 2020an, Naturako Irudiaren Nazioarteko Jaialdian (FIIN) 3. postua lortu zuen, ilustrazio zientifikoaren kategorian.
Ozeanoei esker, Lurra bizigarria da gizakiarentzat. Itsasoak eman eta erregulatzen ditu euria, edateko ura, eguraldia, klima, itsasertzak, gure janariaren zati handi bat eta baita oxigenoa ere. Gaur egun, itsasoak eta kostaldeak etengabe ari dira narriatzen, uraren kutsaduraren ondorioz. Ekosistemak, biodibertsitatea eta eskala txikiko arrantza dira kaltetuenak.

Gure ozeanoak babestea lehentasunezkoa da. Ezinbestekoa da gizakion eta planetaren osasunerako. Batez ere, gurea bezala itsasoari hain lotuta dagoen lurralde batean. Gure amets, tradizio, oroitzapen eta unerik maiteenetako askok lotura estua dute itsasoarekin.
+
Iraila

Hezkuntza inklusibo, bidezko eta kalitatekoa.

Diego Besné
+
Iraila

Hezkuntza inklusibo, bidezko eta kalitatekoa.

Diego Besné

Hezkuntzan inklusioa eta berdintasuna lortzeko ideiatik abiatuta, hezkuntzak haurtzaroari eskaintzen dion etorkizuna irudikatu nahi nuke. Hainbat haur erakustea da asmoa, hezkuntzari esker etorkizunean izan ditzaketen lanbideen janzkerarekin”.

Diego Besné (Donostia, 1965). Arte-zuzendaria, diseinatzailea eta freelance ilustratzailea da paperean, oihalean eta horma-irudian. 2000. urteaz geroztik, diseinatzaile moduan egiten du lan, batik bat eremu digitalean, baina lanbidearen artisau-ikuspegia ahaztu gabe.

Hainbat agentziarekin eta ekoizpen-etxerekin egin du lan, baita El Diario Vasco egunkarian ere. Diseinu erraz, zuzen eta argien estilo propioarekin, diseinatzaile selektiboa da Besné; alegia, estimulatzaileak diren eta gauzei buruzko ikuspegia erakusteko aukera ematen dioten proiektuetan hartzen du parte.
Munduan 57 milioi pertsona daude eskolatu gabe, eta gehienak neskak dira. Hezkuntza funtsezkoa da gizarte bidezko, jasangarri eta libreagoa eratzeko. Pertsonei lan-merkatuan sartzeko eta beren ahalmenak ahalik eta gehien garatzeko gaitasunak eta aukerak emango dizkien hezkuntzaz ari gara.

Ildo horretan, denon hazkundearen eta garapenaren alde egiteko dugun helburu kooperatiboak bultzatuta, hainbat ekimen sustatu ditugu sortu ginenetik, unibertsitatean, ikastetxeetan eta lanbide-zentroetan.
+
Urria

Hiri eta erkidego jasangarriak.

Marc Pe
+
Urria

Hiri eta erkidego jasangarriak.

Marc Pe

Bektorialean marraztuz, aukera dago diseinuarekin jasangarritasunaren bidez konektatuta dagoen eta dena orekan duen hiri bat transmititzeko”.

Marc Pe (Bartzelona, 1975). Ilustratzaile bartzelonar hau, 2010ean Sabadell jaioterria utzi eta Donostian kokatu zen. Neurri handi batean, hantxe garatu du marraztu eta diseinatzeko bere estilo autodidakta.

Ez zuen diseinatzaile grafikoa izatea planifikatu. «Nahi gabe» gertatu zen, Donostiako arropa-marka baterako irudi txiki bat diseinatzeko eskatu ziotenean. Zerbait erraza baina graziaduna egiten ahalegindu zen, eta Windowseko oinarrizko diseinu-programa bat erabili zuen, forma geometrikoak eta lerroak soilik zituena. Hortik sortu zitzaion modu bektorialean marrazteko interesa. Pixkanaka bere ezagutzak zabalduz joan zen, eta, azkenean, bere lekua aurkitu zuen diseinu grafikoaren eta ilustrazioaren munduan.

Haren diseinuak freskoak eta minimalistak dira, eta oso ikonikoak eta koloretsuak izateagatik bereizten dira. Hasieran, esku hutsez egiten du marrazkia, eta, ondoren, ordenagailuan bektorizatzen eta koloreztatzen du.
Mundua gero eta urbanizatuago dago. Munduko biztanleen erdiak baino gehiago hirietan bizi dira, eta 2030erako % 60 izatea espero da. Hiriek munduko CO2-aren isurtzeen % 70 eragin eta baliabideen % 60 baino gehiago kontsumitzen dute. Eta etxebizitzek, eurek bakarrik, CO2-aren isurtzeen % 40 sortzen dute.

Funtsezkoa da gure herri eta hirietako eraikinak birgaitzea, jasangarriak izan daitezen. LABORAL Kutxan, eraldaketa hori sustatu nahi dugu gure ingurunean. Etxebizitzetan trantsizio hori egiten lagundu nahi dugu, energia-kontsumoa eta ingurumen-inpaktua txikitzeko. Aholkularitza eta finantzaketa emanez, hain zuzen.
+
Azaroa

Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak.

Iker Ayestaran
+
Azaroa

Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak.

Iker Ayestaran

0 kilometroa, hurbiltasuna, kontsumo kontrolatua… Horixe adierazi nahi izan dut irudi honekin. Haurtzarotik irakasten den jarrera arduratsua”.

Iker Ayestaran (Donostia, 1976). Diseinatzailea eta ilustratzailea izanik, kolore laua modu adierazgarrian erabiltzen du Ikerrek. Haren estiloak 50eko eta 60ko hamarkadetako lan grafikoak ekartzen ditu gogora. Horri esker, ezaguna da nazioartean, eta hainbat hedabidetarako egin du lan, batez ere prentsarako.

Haren ilustrazioak hainbat egunkaritan agertu dira, hala nola El Correo, Público, ABC, The Washington Post, The Daily Telegraph, The New York Times, Fortune, Variety, Penguin Books eta The Economist egunkarietan.

Haren irudiek 60ko hamarkadako estetika oroitarazten dute, erabilitako kolorea eta tipografia direla eta. Argitalpen-testua iristen zaionean, ilustrazioa egiteko lagungarriak izan daitezkeen hitzak edo esaldiak bilatzen ditu hartan. Zirriborro azkarrak egiten ditu oinarri gisa kontzeptu bat hartuta, eta, ostean, ordenagailuan amaitzen du behin betiko ilustrazioa.
2050ean, gurea bezalako ia hiru planetatako baliabide naturalak beharko ditugu egungo bizimoduari eusteko. Lehengaiak, elikagaiak eta abar xahutzeari eta gehiegi kontsumitzeari utzi behar diogu, etorkizuna jasangarriagoa izango bada.

Zer, nola eta non kontsumitzen dugun zaintzea oso tresna eraginkorra da. Benetan behar duguna soilik erosiz gero, 0 kilometroko tokiko ikuspegiarekin, xahutu gabe eta birziklatzea zainduz, ekonomia osasuntsuagoa lor dezakegu. LABORAL Kutxan, aberastasuna sortzen duten eta herri eta hiri biziagoak izaten laguntzen duten tokiko ekonomia eta negozio txikiak bultzatzen ditugu.